"}
Kepa Korta Carrión
Kepa Korta Carrión
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Eusko labela

Bisitan joan zaionean, urrezko bilagailua eraman dio Netanyahuk Trumpi, Libanon hainbat pertsona hil, ehunka zauritu eta milaka izutu zituzten haien tankerakoa. Ez dakit zenbat kilatekoa den, baina, horrela, urrezkoa, leherkaririk gabe, opari egokia dela esango nuke, pottokoa inkluso, mende laurden honetako genozidarik handienak garbiketa etnikoaren defendatzailerik lotsagabeenari egiteko. Ez dakit «Zedarriak» enpresarien lobbyak proposatu eta Lakuak ziztu bizian onartu duen armagintzako inbertsio-planetan horrelako bilagailuen fabrikazioa aurreikusten ote duten. Nahikoa dute arma konbentzionalagoekin, agian; baina, ikuspegi ekonomiko hutsak dibertsifikazioa gomendatzen duela-eta, ez nuke baztertuko jopuntua teknologia hiltzaile selektibo nahiz masibo sofistikatuetan banatu izana.

Munduan nagusitu den gerra giroari probetxua atera nahi dio euskal armagintzak, diru publikoaren sostenguarekin eta unibertsitateen elkarlanarekin. Aberastasuna eta lanpostuak jokoan daudenean ez dago, sobrare, bakearen eta giza eskubideen aldarrikapenerako denborarik. Ez diegu txintik ere entzun, behintzat, Trumpen «Riviera berriaren» proposamenari buruz; ez Jaurlaritzako, ez armagintzako, ez beste industria sektoreetako eledunei ere. Kolonoak Palestinako lurralde okupatuetan sartzeko garraio erosoa behar dutela? Gazatarrak kanporatzeko trenak behar direla? Hor gaude gu eta gure CAF. Nazio Batuen arabera trenbide horiek legez kanpokoak direla? Badakigu Trumpek eta Netanyahuk nondik sartzen dituzten Nazio Batuak eta bere erabakiak. Guk zergatik ez jokatu haien antzera?

Juduak, ijitoak, komunistak eta homosexualak Auschwitzera garraiatu zituzten trenak non eginak ziren ez dakit; baina, martxa honetan, eusko labela izango dute kolono israeldarrak okupazioan lagundu eta palestinarrak deserriratuko dituztenak. Behar beste errepikatu beharko dugu: eusko labelarekin edo gabe, ez armarik, ez teknologiarik, ezta trenik ere, okupazio, genozidio eta garbiketa etnikorako. Si vis pacem, para bellum, noiz arte jarraituko du dantzak?

Buscar